Ultra Trail-eko (130 km) araudia

1. AURKEZPENA

Ultra Trail Euskal Raid lasterketa naturan —autonomia erdian— egiten den lasterketa bat da; gehienez 36 oren irauten du eta bakarka edo bi lasterkariko taldeetan egiten ahal da. Nonbait han 133 km-ko lasterketa da, 7 500 metroko desnibel positibokoa. Etapa bakarrean egiten da, Baigorritik abiaturik.

2. PARTE HARTZEKO BALDINTZAK

2.1 Gutieneko adina:

Izen ematea 1999ko maiatzaren 31 baino lehen sortuak diren lehiakideer irekia zaie, hots lasterketa egunean 20 urte beteak dituztener.


2.2 FFA lizentzia edo mediku agiria:

Izen ematea bali izateko, lehiakide bakotxak antolakundeari eman beharko dako:
– edo urteko bere FFA lizentziaren kopia bat (“Compétition” edo “Athlé running” edo “Athlé entreprise” edo “Pass running” lizentzia)
– edo LASTERKETA LEHIAKETARI buruzko kontraindikaziorik ez duela erakusten duen mediku agiria, urte bat baino gutiagokoa, lasterketaren egunean.

Ez da bertze neholako dokumenturik onartuko.

Medikuaren agiria edo lizentziaren kopia, nahitaez, izen ematean berean erregistratu beharko da. Kasu, bali den mediku agiria edo lizentzia duten dosierrek lehentasuna ukanen dute. Izen ematea onartua izanen da eta sosa zure kontutik hartua izanen da mediku agiria edo lizentzia bali egin ondoan, ez lehenago, eta hori, leku libreak gelditzen diren heinean.


2.3 Izen ematea:

Izena emateko prezioa 95 €-tan finkatua da, lehiakide bakotx, izan taldeka edo banaka.


2.4 Izen ematearen ezeztatzea:

Talde edo lehiakide orok, izena ematen duen momentuan, ezeztatzeari buruzko garantia hartzen ahal du; 10 euro gosta da —taldeko—, edo 5 euro —bakarka ari den lasterkari batendako—.
Garantiaren helburua da ondotik zerrendatuak diren arrazoietarik batengatik gertatu gastuen ordaintzea:
– Lasterkariaren eritasuna, istripua edo heriotza
– Lehiakidearen familiako baten edo laguntzaile baten eritasuna, istripua edo heriotza
– Etxeari gertatu kalte larriak
– Lanetik arrazoi ekonomikoengatik kanporatzea, lan bat eskuratzea, laneko leku aldaketa
– Mediku kontraindikazioa edo txertatze baten ondorioak

Ezeztatzeari buruzko garantia hartu ez duen talde batek, edo garantia horrek estaltzen ez duen arrazoi batengatik izen ematea ezeztatu nahi duenak, egiten ahalko du, ondoko baldintzen arabera:
Lasterkariaren istripu edo eritasun larri baten kasuan, lasterketan parte hartzeko kontraindikazioa zehazten duen medikuak izenpetu eta zigilatu ziurtagiria eman beharko da. Bertze gisa guzietako ezeztatze-arrazoi oro eskumena duen agintariak izenpetu eta zigilatu ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko da.
Gastuen ordaintzeko eskaera oro, medikuaren agiria lagun, lasterketaren ondoko 10 egunetan heldu behar zaigu, berantenik. Eskaerak lasterketaren ondoko bi hilabeteetan tratatuko dira.

Izen ematearen ezeztatze eskaera igorri den data Itzuli diru-zenbatekoa, izen ematearen zenbatekoaren %-a
Apirilaren 1.a aitzin % 60
Apirilaren 1.etik maiatzaren 1.era, egun horiek barne % 50
Maiatzaren 1.aren ondotik Dirurik ez da itzuliko

Izen ematearen ezeztazeko eskaera oro mezu elektronikoz (e-mail) edo gutun artamendatu bidez egin beharko da.

Izen ematean ordaindu denaren itzultzea izen ematean erabili banku txartelari lotu kontuan pagatu den diruaren parte bat itzuliz eginen da.


2.5 Bizkarrekoen hartzea:

Bizkarrekoen hartzea, nahitaez, maiatzaren 30ean eginen da, ortzegunarekin, 09:00etarik 21:00ak arte, Plaza Xokon (pilota plaza nagusiaren gibelean, Baigorriko Herriko Etxeko plazan), argazkia duen nortasun agiria erakutsirikLehiakide bakotxa nahitaez han izan beharko da. Han, antolakundeko kide batek partaide bakotxari kentzen ahal ez den ukaraiko koloretsu bat ezarriko dako ukaraian. Ukaraiko hori loturik atxiki behar da lasterketaren denbora guzian, gaztigurik edo taldearen deskalifikaziorik nahi ez baldin bada.

Lehiakide bakotxak bizkarrekoa soinean lotuko du, beti ezagun izateko gisan.

Lasterkari bakotxari lasterketa ondoko apairurat joateko txartel bat emanen zako; apairua leku berean izanen da.

Eko-kikara bat edo baso berri bat erosteko posibilitatea ere izanen da (material hori nahitaezkoa da), 5 eurotan.

Bizkarrekoa hartzen duen eta lasterketan abiatzen den partaide orok araudi hori onartzen du eta ontzat ematen du.


2.6 Lasterkariaren zakua:

Bizkarrekoa hartzean, lehiakide bakotxari lasterkari-zaku bat emanen zako. Zaku hori bizkarrekoaren zenbaki beraz markatua izanen da eta, haren barnean, 72. kilometroko bizigunean (Urepelen) atzeman nahiko dituen puskak ezarriko ditu (aldatzeko jantziak, zapatak, jatekoak, kopeta-argiko pilak… salbu makilak, horiek ez baitira garraiatuko).
Lasterkari-zakua lasterketako aginte gunean utzi beharko da (ikus Lasterkarien herrixka) maiatzaren 30ean, ortzeguna, 18:00ak eta 21h00ak artean; han, leku seguruan atxikia izanen da.

Lehiakideak lasterkari-zakua leku berean errekuperatzen ahalko du, ekainaren 1.ean, ebiakoitzarekin (larunbata), 12:00etatik goiti, bizkarrekoa erakutsiz.


2.7 Behar den maila:

Euskal Trail naturan eta mendian egiten den lasterketa da; ingurumen naturalean hein bateko autonomia duten kirolari entrenatuer irekia zaie.


2.8 Irudi-eskubidea eta komunikazioa:

Partaide orok argi eta garbi uko egiten dako lasterketa denboran irudi-eskubideaz baliatzeari, bai eta —bere irudiaren erabileragatik— antolakundearen eta haren partaide onetsien kontrako errekurtso oro egiteari ere. Antolakundeak eskubidea badu bere kontaktuen fitxategia bere partaideer helarazteko, salbu partaideak ezezkoa adierazi baldin badu.


2.9 Etika eta ardura:

Lehiakide oro ingurumenaren errespetatzerat eta ibilbidean zehar deus ez botatzerat engaiatzen da. Bere autonomia segurtatzen du, lasterkaldiaren denbora osoan, jan-edanez hornitzeko lekuen artean, eta mendian ibili behar da ingurumen naturala eta laguntzaileak errespetatuz. Lasterkaldiaren lekuan den pertsona orok bere buruari eta bertze norbaiti egiten ahal dien kalteen erantzukizun osoa du.

Lehiakideek balizaz osoki seinalatua den ibilbidea segituko dute. Balizen segida gelditzen baldin bada, antolakundea abisatu eta azken kontrol gunera itzuli beharko dute.

Segurtasuna behar-beharrezkoa da: antolakundeak segurtasun eta osasun sistema bat plantan ematen du, parte hartzaileen eta laguntzaileen laguntzeko, baina horrek ezin du pertsona ororen ernetasun eta ardura pertsonala ordezkatu. Lasterketa denboran, lehiakide guziek eta talde guziek elkarri laguntza zor dakote.

Bukaerako sailkapena eginen da lehiakideek eman denboran oinarriturik, araudia zorrozki errespetatua izan delako baldintzarekin (eta bereziki nahitaezkoa den materiala denbora guzian eraman dela eta balizaz seinalatu ibilbidea segitu dela segurtaturik).

Erantzuletasun zibileko asurantza bat barne da engaiamenduaren prezioan.


2.10 Ostatatzea:

Elkarteak ez du lasterkarien ostatatzea bere gain hartzen. Ibarrean ostatatzeko diren posibilitate guzien zerrenda hemen atzemanen duzu: «Nun lo egin?».


3. LASTERKETAKO BALDINTZAK

3.1 Binaka edo bakarka egiten den lasterketa:

Euskal Raid Elkarteak antolatu Ultra Trail lasterketa bakarka edo bi lasterkariko taldeetan egiten ahal da. Lehiakide guziek, bai bakarkakoek, bai binakakoek, ibilbidean zehar dauden kontrol guzietan marka eginarazi behar dute. Taldeka engaiatuak diren lasterkariek ibilbide osoa beren kidearekin egin beharko dute; bestela, beren taldea deskalifikatua izanen da. Kontrol gune bakotxean marka elkarrekin eginarazi behar dute, bestela gaztigua ukanen baitute, eta helmugarat elkarrekin arribatu behar dute, bistan dena. Taldekide batek lasterketa uzten baldin badu, haren lehiakideak bakarrik bukatzen ahal du, baina ez da lehiakide bakar gisa sailkatua izanen. Haren taldea deskalifikatua izanen da.


3.2 Lasterketa aitzineko apairua:

Antolakundeak lasterketa aitzineko apairua pentsatua du (pasta party), maiatzaren 30ean, ortzegunarekin, 18:15etarik goiti, Baigorriko ezker paretan (ikus  Lasterkarien herrixka), izen ematean ordaindu dutenendako (10 euro).


3.3 Lasterketa aitzineko argibideak ematea:

Antolakundeak lehiakideer lasterketari edo eguraldiari buruzko azken argibideak emanen dizkie, maiatzaren 30ean (ortzeguna) 18:00etan, pilota plazan. Lehiakide guziak han izatea behar-beharrezkoa da. Aurreikusia den eguraldiaren arabera, antolakundeak nahiatezkoa den materiala emendatzen ahalko du, kontseilatua den materialaren zerrendatik harturik (ikus 3.8 Ekipamendua eta nahitaezkoa den materiala).


3.4 Abiatzea:

Lasterketaren abiatzea maiatzaren 31n eginen da, ortziralearekin, goizeko 05:00etan, Baigorriko Herriko Etxeko plazan.


3.5 Ibilbidea:

Nonbait han 133 km eta 7 500 m desnibel positiboa duen ibilbidea ondoko kasko eta herrietatik iraganen da: Baigorri, Jara, Arla, Iparla, Izpegiko lepoa, Hautza, Aldudeko herria, Urkiaga, Adi, Urepeleko herria (bizigunea), Orreaga, Château Pignon, Arnegiko herria, Adartza, Baigorri. Banaz bertzeko goratasuna 794 m-koa da, eta puntu gorena 1 475 m-tan da. Ibilbidea balizaz osoki seinalatua izanen da. Ez da mapa erabiltzeko beharrik. Mendiko pasabideetan iragateko ez da alpinismo tresneria erabiltzeko beharrik. Ibilbidea elkartearen webgunean telekargatzen ahal da (www.euskalraid.com). Ibilbidearen parte bat Nafarroako lurraldean iragaten da.

EUSKAL TRAILSeko lasterketa-zuzendariak lasterketa edozein momentutan aldatzeko edo gelditzeko eskubidea badu, bai teknikaren aldetik bai eguraldiaren aldetik lehiakideen segurtasunari kalte egiten ahal dazkoten gorabeheren arabera.

Lasterkariak ibilbide guzian kontrolatuak izanen dira (pasatzean marka egitea, bizkarrekoak, ukaraikoak, nahitaezko materiala), antolakundeak erabaki bezala.

Antolakundeak, hemendik eta lasterketa abiatuko den arte, sokorri postuen eta jan-edanez hornitzeko lekuen aldatzeko eskubidea badu. Gertatzen baldin bada, lehiakideak hortaz abisatuak izanen dira lasterketa aitzineko argibideak emateko bilkuran.


3.6 Tenore-mugak:

Bortz tenore-muga badira ibilbidean zehar. Kontrol gune horietarat behar den denboran helduko ez diren eta handik behar den denboran abiatuko ez diren lasterkariak deskalifikatuak izanen dira eta beren bizkarrekoa, txipa eta ukaraikoa berehala itzuli beharko dituzte. Antolakundeak herrirat eramanen ditu. Denbora muga 36h00ekoa da.

Antolakundeak tenore-muga horiek edozein momentutan eta aitzinetik abisatu gabe aldatzen ahalko ditu.

Lekua Km Tenore-muga Lasterketa denbora
 Izpegiko lepoa  30  Ortziralea 12:30  07h30
 Aldudeko herria  44  Ortziralea 16:30  11h30
 Urepele  72  Ebiakoitza 00:35  19h30
 Auritz  92  Ebiakoitza 05:00  24h00
 Arnegi  107  Ebiakoitza 10:15  29h15
 Baigorri (heltzeko lekua)  130  Ebiakoitza 17:00  36h00

3.7 Jateko eta edateko lekuak:

Lasterketan, jateko eta edateko 9 leku izanen dira:

Lekua Km Jan-edaneko mota
Gaztigarlepo 19 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, zerealak, mahatsa, bixkotx gaziak
Izpegiko lepoa 31 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, bixkotx gaziak, mahatsa, zerealak
Aldudeko herria 44 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, laranjak, bananak, fruitu melatuekilako bixkotxak, ogia, gasna, patea, zozizona (saltxitxoia), bixkotx gaziak, kafea, dutea (tea), mahatsa, zerealak
Urkiaga 59 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, zozizona (saltxitxoia), bixkotx gaziak, zerealak, mahatsa, salda
Urepele
(BIZIGUNEA)
72 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, zerealak, mahatsa, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, ogia, gasna, patea, zozizona (saltxitxoia), xingarra (urdaiazpikoa), pastak, konpota, bixkotx gaziak, salda, kafea, dutea (tea)
Auritz

Egantza

92

101

Ur gasgabea, ur gasduna, kola, zerealak, mahatsa, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, ogia, gasna, patea, zozizona (saltxitxoia), bixkotx gaziak, salda, kafea, dutea (tea)

Ur gasgabea, ur gasduna, kola, zerealak, mahatsa, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, ogia, gasna, patea, zozizona (saltxitxoia), bixkotx gaziak, salda, kafea, dutea (tea)

Arnegi 108 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, ogia, gasna, patea, zozizona (saltxitxoia), xingarra (urdaiazpikoa), bixkotx gaziak, konpota, mahatsa, salda, kafea, dutea (tea)
Ehuntzaroiko lepoa 117 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, ogia, gasna, patea, zozizona (saltxitxoia), bixkotx gaziak, salda, kafea, dutea (tea)
Ahartza 124 Ur gasgabea, ur gasduna, kola, laranjak, bananak, fruitu oreak, fruitu melatuekilako bixkotxak, txokolatea, ogia, gasna, patea, zozizona (saltxitxoia), bixkotx gaziak, zerealak, mahatsa, kafea, dutea (tea)
Baigorri 130  Hemengo ekoizpenez hornitu janari mahaia

3.8 Ekipamendua eta nahitaezkoa den materiala:

Lasterkari orok, ibilbide guzian, ondoko materiala berekin eraman beharko du. Material hori bizkarrekoa hartzean kontrolatua izanen da, bai eta, modu aleatorioan, lasterketaren denboran.

Ekipamendua Mota
Mintz irazgaitza duen eta izerdia pasatzen uzten duen jaka

Bizkar zakua, gutienez 1.5 L-ko ur erreserbarekin

Nahitaezkoa

Nahitaezkoa

Jateko gutieneko erreserba Nahitaezkoa
Kopeta-argia, ordezko pilekin Nahitaezkoa
Sokorriko kopeta-argia edo esku-argia

Gibeleko argi gorria (2 €-tan salgai, bizkarrekoak hartzeko lekuan)

Nahitaezkoa

Nahitaezkoa

Txistua eta segurtasunezko estalkia (manta termikoa) Nahitaezkoa
Élastoplaste motako zerrenda, 2 m x 3 cm-koa Nahitaezkoa
Sakelako telefonoa (kargatua), lasterketako aginte gunearen zenbakiarekin: 06.07.98.34.28 Nahitaezkoa
Eko-kikara edo basoa Nahitaezkoa
Kasketa edo buff lepokoa Kontseilatua
Galtza elastiko luzeak edo ¾ galtzak + zango-sagar zorroak Kontseilatua
Bigarren geruzako jantzia, beso luzekoa, mikro-polar motakoa Kontseilatua

3.9 Meteoa:

Aro txarra baldin bada, antolakundeak ibilbidearen, tenore-mugen edo/eta abiatzeko tenorearen aldatzeko, lasterketaren gelditzeko eta ezeztatzeko ere eskubidea badu.
Antolakundeak nahitaezkoa den materiala emendatzen ahalko du (kontseilatua den materialaren zerrendatik harturik, ikus 3.8). Gertatzen baldin bada, lehiakideak hortaz abisatuak izanen dira, lasterketa bezperan, argibideak emateko bilkuran.


3.10 Laguntza:

Laguntza pertsonala onartua da bakarrik jan-edanez hornitzeko 9 lekuetan. Onartuak diren leku horietaz kanpo, debekatua da lasterketan izena eman ez duen pertsona batek lagun zaitzan edo jan-edana eman diezazun.
Laguntza hori bertze lasterkariak errespetatuz eginen da. Zuzentasuna zaintzeagatik, debekatua izanen da camelbak edo ur-poltsa trukaketarik egitea, denbora irabazteko (hutsa bete baten truke).

Gainera, taldekideen artean elkar laguntzea arras bidezkoa izanik ere, ez da tiratzeko sistema landurik onartuko (uhalik, eskaladako arnesik, sokarik…).


3.11 Abandonatzea, gaztiguak edo deskalifikazioa:

Ezinbertzeko kasuetan salbu, kontrol guneetan baizik ez da posible abandonatzea. Sokorri edo antolakundeko ibilgailuak ez baldin badira gune hortaraino joaten ahal, lehiakidea ebakuazio gune hurbileneraino joan beharko da, ahal bezala. Debekatua zako balizaz seinalatu ibilbidetik ateratzea antolakundea lehenago abisatu gabe eta baimena ukan gabe. Marka eginarazi behar da, nahitaez, kronometroz kontrolatzen den gune bat baldin bada.

Lasterketa denboran gertatu abandonatze oro, edozein arrazoinengatik gertaturik, antolakundeko norbaiti seinalatu behar zako (kontrolatzaile bati edo/eta mediku taldeko norbaiti), absolutuki. Talde bateko lasterkari batek abandonatzeak taldearen deskalifikazioa ekartzen du. Hala ere, abandonatu duen lasterkariaren kideak bakarrik segitzen ahal du, sailkapenetik kanpo, lasterketak ekarriko dizkion puntuen biltzeko.

Deskalifikazioak erran nahi du lehiakide bat edo talde bat lasterketatik kanpo ezarria dela, behin betiko. Araudia ez errespetatzeak gaztigu bat edo gaztigu batzuk —edo deskalifikazioa— ekartzen ditu. Gaztigua edo deskalifikazioa gertatzen ahal da lasterketa-zuzendariak edo kontrol edo jan-edan guneetako buruzagiek ondoko hutsetarik bat ikusten baldin badute:

Araudia ez errespetatzea Gaztigua
Seinalatua den ibilbidetik kanpoko ibilbide laburrago bat hartzea, 2 kontrol guneren artean Gaztigua: 1h00
Nahitaezkoa den materiala ez ukaitea Gaztigua: 1h00 osagai bakotxeko
Nahitaezkoa den materialaren kontrola errefusatzea Deskalifikazioa
Lehiakide batek edo bere lagun batek hondakin bat nahitarat botatzea Gaztigua: 1h00
Pertsonen ez errespetatzea (antolakundea, laguntzaileak edo lasterkariak) Gaztigua: 1h00
Zailtasunetan den pertsona bat ez laguntzea Gaztigua: 1h00
Kontrol gune batean ez pasatzea Deskalifikazioa
Lasterketa-zuzendaritzak, kontrol edo jan-edan gune bateko buruzagi batek, mediku batek edo sokorri emaile batek eman manu bati ez obeditu nahi izatea Deskalifikazioa
Dopin kontrol bat errefusatzea Deskalifikazioa
Kontrol gune batetik tenore-mugaren ondotik abiatzea Deskalifikazioa
Bi lehiakideak kontrol gune batean elkarrekin ez agertzea 1. aldikotz ohartzean, gaztigua: 1h00
2. aldikotz ohartzean, gaztigua: 2h00
3. aldikotz ohartzean: deskalifikazioa
Onartua den lekuetatik kanpo laguntza ukaitea edo ur-poltsa trukatzea 1. aldikotz ohartzean, gaztigua: 1h00
2. aldikotz ohartzean, gaztigua: 2h00
3. aldikotz ohartzean: deskalifikazioa

Kasu guzietan, antolakundeak ez du neholaz ere dirurik itzuliko.


3.12 Segurtasuna eta mediku laguntza:

Antolakundeko laguntza zerbitzuaren telefono zenbakia: 06 07 98 34 28

(BAKARRIK urgentziazko kasuetan erabiltzekoa)

Bertze edozein galderaren kasuan: 06 37 36 89 77

Sokorri postuak izanen dira ibilbideko leku batzuetan. Lanjerean den edozein pertsonaren laguntzea dute xede, antolakundeko baliabideak edo hitzartu bertze baliabide batzuk erabiliz. Postu horiek irrati edo telefono bidezko lotura ukanen dute, lasterketaren denbora guzian, Baigorriko lasterketako aginte gunean izanen den mediku-erregulazio talde batekin.

Zailtasunetan edo larriki zauriturik izanen den lasterkariak sokorriak deitu beharko ditu:
– sokorri postu batera joanez
– lasterketako aginte gunea deituz
– bertze lasterkari bati sokorriak abisatzea eskatuz

Lasterkari bakotxak lanjerean den pertsona oro lagundu edo sokorriak deitu beharko ditu.

Mediku bati edo sokorri emaile bati dei egiten dion lasterkariak, ondorioz, haren agintepean jartzen da eta haren erabakien onartzerat engaiatzen da. Sokorri emaile eta mediku ofizialek, bereziki, ondoko eskumenak badituzte:
– lasterketa segitu ezin duen lasterkari oro lasterketatik kanpo ezartzeko
– lanjerean ikusiko dituzten lasterkariak ebakuarazteko, on irudituko zaizkien baliabideak erabiliz
– hala behar dela iruditzen bazaie, lasterkariak ospitalerat igortzeko

Pertsona sokorrituak ordaindu beharko ditu ohiz kanpoko sokorri baliabideak edo ebakuazio baliabideak erabiltzeagatik gertatu gastuak; berak du ere segurtatu beharko ebakuatua izan den lekutik itzultzeko manera. Lasterkariak berak dako dosierra bere asurantza pertsonalari helarazi beharko, behar den epean.

Lasterketako aginte gunea ezin baldin bada zuzenean deitu, sokorri zerbitzuak zuzenean deitzen ahal dituzu (bereziki «urgentziak bakarrik» eremu batean baldin bazara).

– 112 zenbakia egizu, Frantziatik edo Espainiatik

Ez ahantz sokorriek uste baino denbora gehiago eman dezaketela jiteko, ingurumenari edo lasterketari lotu gisa anitzeko gorabehera batzuengatik. Orduan, zure segurtasuna zure zakuan eman duzunaren kalitatearen meneko izanen da.


3.13 Heltzea:

Heltzea Baigorriko Herriko Etxeko plazan eginen da. Lasterkariek jatekoa, edatekoa eta dutxak ukanen dituzte eskura, bai eta medikuntza-talde bat. Lasterketa ondoko apairu bat, Ultra-ko lasterkariei zuzendurik, etengabean zerbitzatua izanen da Plaza Xokon (bizkarrekoak ematen diren lekuan).

Ekainaren 1.ean, ebiakoitzarekin (larunbata), 21:00ak irian, afari alaitu bat izanen da, Baigorriko ezker paretan (hautuzkoa, hastapeneko izen ematean, 20 euro).


4. Sailkapena eta sariak

Sailkapen orokorra Baigorrirat heltzean eginen da. Taldeko bi kideak ez baldin badira helmugarat elkarrekin heldu, bigarrenaren denbora da kontuan hartuko, horrelako kasuetarako pentsatu gaztigua gehituz (ikus 3.11 Abandonatzeak, gaztiguak edo deskalifikazioa). Bi sailkapen eginen dira, sailkapen bat taldeka eta sailkapen bat banaka. Taldean abiatu den lasterkari orok ezin izanen du banakako sailkapenean sartu, nahiz eta haren kideak lasterketa abandonatu, eta sailkapenetik kanpo izanen da.

  • Gizonen 3 lehen taldeak (scratch-aren arabera) sariztatuak izanen dira
  • Emazteen 3 lehen taldeak (scratch-aren arabera) sariztatuak izanen dira
  • 3 lehen talde mistoak (scratch-aren arabera) sariztatuak izanen dira
  • Banakako lehen 3 gizonak (scratch-aren arabera) sariztatuak izanen dira
  • Banakako lehen 3 emazteak (scratch-aren arabera) sariztatuak izanen dira
  • Sail bakotxeko 1. taldeak sariztatuak izanen dira (scratch-etik kanpo baldin bada)
  • Sail bakoitzeko 1. lehiakideak sariztatuak izanen dira (scratch-etik kanpo baldin bada)

Talde edo lasterkari bakotxa BEHIN BAIZIK EZ da sariztatua izaten ahalko.

Hara nolako sailak diren:

– Etorkizuneko gizonak, etorkizuneko emazteak, etorkizuneko mistoak: 20 urteetarik 22 urte arte
– Senior gizonak, senior emazteak, senior mistoak: 23 urteetarik 39 urte arte
– Beteranoak 1 gizonak, beteranoak 1 emazteak, beteranoak 1 mistoak: 40 urteetarik 49 urte arte
– Beteranoak 2 gizonak, beteranoak 2 emazteak, beteranoak 2 mistoak: 50 urteetarik 59 urte arte
– Beteranoak 3 gizonak, beteranoak 3 emazteak, beteranoak 3 mistoak: 60 urteetarik 69 urte arte
– Beteranoak 4 gizonak, beteranoak 4 emazteak, beteranoak 4 mistoak: 70 urte baino gehiagokoak

Taldearen sailaren finkatzeko, bi lehiakideen banaz bertzeko adina kontuan hartuko da, lasterketaren egunean.

Ez da diruzko saririk izanen, baina denek ukanen dituzte opariak.

Lasterketa-zuzendaria da balizko erreklamazioen egokitasuna kontuan hartzeko eta horri buruz erabakitzeko eskumena duen bakarra; erreklamazio horiek heltzean berean aurkeztu beharko dira.


euskal_trail_violet

CETTE ÉPREUVE EST ORGANISÉE PAR EUSKAL RAID ASSOCIATION (LOI 1901)

Portable : 06 37 36 89 77
Email : contact@euskalraid.com
Site : www.euskalraid.com


Télécharger le règlement au format .pdf
Réglement Ultra 2019